Estudiantes

(EU) Martxoaren 8a eta Komunikazioko Graduko ikasleak

Joan den ostiralean, hilak 8, ospatu zen Nazioarteko Emakumeen Eguna. Hori horrela, hainbat herritako elkarte feministek greba orokorra deitzeaz gain, egun osorako emakumearen inguruko hainbat ekintza prestatu zituzten. Ekintza horietan parte hartu zuten, era batera edo bestera, Komunikazioko Graduko hainbat mailatako ikasleek ere, eta horien artean daude, besteak beste, Alazne Aldayturriaga,  Mikel Amundarain, Leire Barrero, Carlota Gaztelumendi eta Andoni Rekondo. Guztiek bat egiten dute egun honen “beharra” azpimarratzen dutenean, baina hala eta guztiz ere, ez zuten eguna berdin bizi izan.

m8_16-900x1350

Donostiako mobilizazioko argazki bat. (Irutxuloko Hitza)

Leire Barrero (Beasain, 1997): “Goizean goiz, lan batzuk aurreratu ondoren, Beasaingo elkarretaratzera joan nintzen. Ordubete inguru iraun zuen, eta bertan, besteak beste, abestiak abestu eta diskurtso feministak bota zituzten. Arratsaldean, berriz, herriko manifestaziora joan nintzen, gehienbat erosotasuna eta erraztasunagatik, baina baita herriko ekimenak indartzea ere gustatzen zaidalako. Manifestazioa oso polita eta hunkigarria izan zen; izan ere, Beasaingoak eta Ordizikoak elkartu ginen, gero, guztiok batera, Lazkaoraino joan eta bertakoekin elkartzeko. Babesa sentitu nuen, guztiok helmuga bera geneukala sentitzen nuelako. Ezin dut ukatu egun garrantzitsua bezain beharrezkoa ez denik, emakume askok desberdintasun egoera gogorrak jasan behar dituztela uste baitut. Hala ere, iritzi guztiak onartu behar direla uste dut. Izan ere, nire ama dendaria da, eta ezinezkoa zaio ostiral batez egun osoa denda ixtea, egun horretan eduki ditzakeen irabaziak galtzen dituelako, eta, berak ere, hilabete bukaerara lasai iritsi nahi duelako”.

Mikel Amundarain (Hernani, 1997): “Martxoak 8an zer egingo nuen pentsatzen egun batzuk lehenago hasi nintzen. Mugimenduaren eta bertako gizonaren parte-hartzeari buruz diharduten  hainbat iritzi eta planteamendu aztertu nituen, eta asko pentsatu ostean, klasera joatea erabaki nuen. Izan ere, nire ustez emakumeak dira protagonista egun honetan, eta beraiek planto egiten badute zer gertatzen den ikusteko balio du. Eta halaxe izan zen, garbi ikusi nituen greba horren ondorioak. Lehenik, goizean goiz neukan lehen klasea ez zelako eman. Izan ere, ia gehienak emakumezkoak dira klase horretan, eta geratzen ginen bi edo hiru pertsonekin eskola ematea bideraezina izan zen. Bigarren klasera ere 6-7 pertsona bakarrik agertu ginen, eta gure graduak, behintzat, emakumerik gabe ibilbide motza edukiko lukeela ondorioztatzeko balio izan zidan. Egun horretan gizonezkoon irudia lekuko izatera bakarrik mugatu beharko lukela iruditzen zait. Hala eta guztiz ere, egin nuen ekarpenenik egun horretan, eta txikiak izan arren, nahikoak izan zirela iruditu zitzaidan. Esaterako, arratsaldean Hernanin egon zen mobilizaziora gerturatu nintzen eta mugimenduaren aldeko edukia argitaratu nuen nire sare sozialetan.”

Carlota Gaztelumendi (Donostia, 1998): “Martxoaren 8ak pozez eta harrotasunez bete ninduen. Donostiako ekintzetan parte hartu nuen, eta goizeko eta arratsaldeko manifestazioetara joan nintzen. Goizekoa ez zen arratsaldekoa bezain jendetsua izan, baina oso hunkigarria eta goxoa izan zen. Izan ere, hainbat belaunaldiren arteko harremana eta konplizitatea nabaritu nituen, eta hori oso pozgarria da emakume guztiontzat. Arratsaldekoa, aldiz, eta ziur aski ostirala izan zelako, askoz ere jendetsuagoa izan zen; beraz, harro egoteko moduan gaude. Hala ere, bada aurreko urteko grebarekin alderatuta gustatu ez zitzaidan zerbait. Ez dut esaten guztiok serio eta burumakur egon behar genuenik, baina emakume batzuk eguna festa moduan ulertu zutela iruditu zitzaidan, besteak beste, mozorrotuta eta alkoholarekin eskuan zebiltzalako. Nire ustez borrokarako egun bat da martxoaren 8a, eta ez festarako eguna.”

32380281967_ff6bf18f20_c

(Irutxuloko Hitza)

Alazne Aldayturriaga (Hernani, 1999): “Greba Hernanin egitea erabaki nuen nik, egun guztian zehar hainbat ekitaldi zeudelako antolatuta. Goizeko 12:00etan hasi ginen zerbitzu sozialetan lan egiten dutenen aldeko kontzentrazioarekin. Ekintza horren helburua beraiek pairatzen duten prekarietatea salatzea eta egiten duten lan guzti hori babestea izan zen. Ondoren, herriko emakumeek antolatutako bazkari autogestionatura joan nintzen, eta giro ederra sortu zen. Jarraian etxeko langileen aldeko ekitaldi batera joan nintzen, eta arratsalde bukaeran, aldiz, manifestaziora. Emakume asko eta asko elkartu ginen eta niretzat hunkigarria izan zen hori. Beraz, nire aldetik garbi diot: beharrezkoa ikusten dut egunerokotasunean emakumeek egiten duten lanari balioa eman eta kontutan hartzeko borroka egun bat edukitzea. Hala ere, borroka egunerokoa dela iruditzen zait, inongo zalantzarik gabe.”

Andoni Rekondo (Andoni, 1999): “Niretzat ohiko egun bat izan zen, gizonezkoon papera normaltasunaren bide horretan jarraitzea dela iruditzen zaidalako. Hori horrela, goizean goiz jaiki eta klasera abiatu nintzen. Hasieratik nabaritu nuen egun berezia zela. Izan ere, trena ohikoa baino hutsago zegoen, eta klasetan ere nabaria zen nesken hutsunea. Hala ere ilusioz hartu nuen eguna, berdintasuna erabat babesten eta elkarbanatzen dudalako. Gainera, grebarekin emakumeak gauza asko lortzen ari direla uste dut, eta hori ere pozgarria iruditzen zait. Beraz, nire kasuan behintzat, emakumerik gabe nire egunerokotasuneko ekintzei jarraipena emateko zailtasun asko daudela konturatzeko balio izan zidan.”

Say something

Your email address will not be published. Required fields are marked with a grey bar.

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.