Estudiantes

(EU) Mirari Perez Gaztelu: “Pertsona baten nortasun adierazgarri da ahotsa”

Captura de pantalla 2019-04-16 a las 11.22.43

Mirari Perez Gaztelu Tributaren berbak saioan.

Mirari Perez Gaztelu foniatra da “afizioz eta ofizioz”, eta horretan dihardu orain dela ia 30 urtetik. Ahotsaren zaintza nahikoa ez dela azpimarratzen dio, eta horren aurrean beharrezkoa ikusten du kontzientziazioa.

Zenbaterainoko garrantzia du ahotsak?

Izugarrizkoa, alde guztietatik. Niretzat pertsona baten nortasun adierazgarri da ahotsa, gauza asko transmititu daitezkeelako berarekin. Alde profesionalari begiratuta ere garrantzia bera edukitzen jarraitzen du, ahotsa ez badago ondo erabilera askoz ere neketsuago bihurtzen baita, eta horrek, azken finean, arazoak ekarri edo edozein komunikazio prozesu okertu dezake.

Zaindu egin behar da, beraz.

Bai, eta arreta ere jarri behar zaio. Ahotsa ezagutzeko formakuntza jasotzea garrantzitsua da, eta jakin behar da, era berean, egoera ezberdinetara egokitzen. Ez da gauza bera areto batean ehun pertsonentzat edo etxeko sukaldean familiarentzat hitz egitea. Horretaz gain, zertarako hitz egiten ari zaren ere gogoan eduki behar da. Eta hala eta guztiz ere gaizki dagoela nabarituz gero, arazoa ahalik eta azkarren konpontzea beharrezkoa da.

Zein gomendio jarrai daitezke ahotsa zaintzeko?

Asko eta asko. Esan bezala, formakuntza garrantzitsua da ahotsarekin lan egiten badugu. Baina orotara, gure ahotsa ezagutu behar dugu, eta behar ezberdinetara egokitu. Zarata dagoen leku publikoetan ez da komenigarria gainetik hitz egiten saiatzea. Isiltasunak ere askotan beharrezkoak dira komunikazioan, eta horien beharra azpimarratu behar da. Hidratatu ere egin behar da osasuntsu mantentzeko, eta azkenik, deskantsuak egin behar dira ahotsari atsedena emateko. Horretaz gain, inguruarekin erlazioa duena kontrolatzen saiatu behar gara, eta tabakoa, hezetasuna, tenperatura aldaketak, aire girotua… ekidin behar ditugu.

Azpimarratzen al da ahotsaren zaintza?

Ez askorik. Ahotsaren inguruko formazioa ez da oso ohikoa. Ni neu Magisteritza falkultateetan prebentzio ikastaroak emandakoa naiz, baina orain ez da horrelakorik egiten. Ia gehienetan, arazo bat dugunean hasten gara ahotsari erreparatzen. Egia da noduluak 2006an gaixotasun profesional bezala onartu zirenetik prebentzio ikastaro batzuk antolatu izan direla, baina ez asko. Kontua da, ahotsa gaizki dagoen ia kasu guztietan ez dela minik sentitzen, eta orduan ez zaio hainbesteko garrantzia ematen. Beraz, kontzientziazioa beharrezkoa ikusten dut, ahots egokiek eta goxoek giza harremanak hobetzen dituzte-eta.

Noduluez gain, ahotseko zein gaixotasun daude?

Denetik egon daiteke, baina gehienetan ikusten ditugun ahots arazoak erabilera okerretik datoz. Egun, ahots kordetan gehien errepikatzen diren gaixotasunak noduluak, kisteak eta handitasunak dira. Hala ere, ez dira egun batetik bestera sortzen diren gaixotasunak. Horregatik, ahotsa puskatzen zaigula, lehen iristen ginen lekura orain ez garela iristen edota hitz egiterakoan indar berezia egin behar dugula nabarituz gero, komenigarria da mugitzen hastea zer gertatzen zaigun ikusi ahal izateko.

Zein perfil errepikatzen dira zure kontsultetan?

Irakaskuntzan dabilen jendea etortzen da asko, eta gehienak emakumeak. Pentsa, datuak asko aldatu arren, kalkulatzen da egun irakaskuntzan dabiltzaten erdiek eduki dezaketela arazoren bat ahotsean. Hala ere, geroz eta ume gehiago dira kontsultara datoztenak. 30 urte inguru daramazkit lanean, eta sekula ez ditut hainbeste ume ikusi erabilera okerragatik ahotsa hain gaizki dutenak.

Zer da ondo hitz egitea zuretzat?

Esan nahi duzuna zuk nahi duzun bezala iritsi dela bermatzea. Egoki iritsi zarela bermatzeko, lehenik, mezua transmititzea nahi duzula sentitu behar duzu, hau da, mezua maitatu behar da. Ahotsari dagokionez, modu erakargarrian komunikatzen jakin behar da. Emozioak transmititzen jakin behar da ahotsarekin edota inflexio puntuak markatzen. Hala ere, kontuan hartu behar da ahotsaren gainetik daudela hitzak eta, hori horrela, hizkuntza menperatzea beharrezkoa dela. Azken finean, opariaren lazoa bakarrik da ahotsa.

Ahotsa erabiltzeko moduak aldatzen dituzten elementuak ba al daude?

Ez da ahotsa erabiltzeko patroi komun bat existitzen, oso subjektiboa da. Kulturak eta puntu geografikoak eragina dute, prosodia asko aldatzen baita. Adibidez, tribuak soinuen bitartez komunikatzen dira, eta hortik sortzen dute hizkuntza. Ez dira hitzak, baina bai soinu modulatuak eta modulazio horrek laguntzen du ulertzen. Hizkuntza batzuk beste batzuk baino gehiago babesten dutela esaten da ahotsa, baina ezin da orokortu, pertsonaren erabilerak aldatzen baitituzte ezaugarri edo premisa horiek, gure mesederako edo gure kalterako. Aldaketak hizkuntza markek eta erabiltzaileen erabilerek eragiten dituzte, erabat.

 

Say something

Your email address will not be published. Required fields are marked with a grey bar.

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.