Ikasleak

Txantxia, Oñatiko txanpona

 

Txantxin, txantxin, diruaren hotsa…

Hilabete da txantxia martxan dela. Oñatiko moneta berria da txantxia, bertako komertzioak sustatzeko asmoz sortu dena. Moneta arrunta izateaz gain gizarte ekintzak sustatzeko bitarteko ere izango da.

Txantxiak, Oñatiko moneta

Txantxiak, Oñatiko moneta

Iragan urtean osatu zen komertzio planaren harira jaio da txantxia. Ikertalde enpresak udalaren eta dendarien laguntzarekin osatu zuen plan hura. Plan horrek ondorioztatu zuen diru ihesa mugatzeko beharra dagoela. Oñatiar asko hiriburuetara joaten dira erosketak egitera, batez ere jende gaztea. Horri aurre egiteko beharra ikusi da, eta hainbat neurri zehaztu dira hori lortzeko, txantxien proiektua, besteak beste.

Lanketa handia behar izan duen proiektua da, Mikel Biain alkatearen esanetan: “Herrian eragin handia izango duen proiektua da, eta kontu handiarekin landu behar izan dugu”.

Txantxia

Txantxi bakoitzak euro bateko balioa du eta balio ugariko billeteak kaleratu dira. Billete-paperean inprimatu dira txantxiak; 10, 50 zentimo, eta 1, 5, 10 eta 20 euroko billeteak dira. Dendariak euro-zentimotan eman ahal izango ditu moneta txikiagoko kanbioak.

Euroak txantxiengatik aldatzean, ehuneko bosteko saria jasoko du herritarrak. Eskuratutako billeteek hiru hilabeteko iraungitze data dute, eta beraz, adierazitako epe muga baino lehen gastatu beharko dira. Iraungitze data pasatu bada, epea luzatzeko aukera dago. Hori egiteko udaletxean berritu nahi den txantxi kopuruaren %3 ordaindu beharko da.

Txantxiak herriko 91 dendatan gastatu ahalko dira. Aurrez dendariek izena eman behar izan dute proiektuan parte hartzeko. Dendari hauek txantxitan jasotzen duten %3 udalari ordaindu beharko diote.

Dendariek ordaindutako dirutik eta iraungitze data berritzeko jasotako dirutik funts sozial bat eratuko da. Gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonak laguntzeko erabiliko da jasotako dirua. Diru askorik jasotzea espero ez den arren, funts hau handitzen joatea espero da; geroz eta jende gehiagok erabiliko du txanpona, eta beste bide batzuk ere aztertzen ari dira diru poltsa hau handitzeko.

Lehen txantxiekin proba

San Migel eta “Errosarixo” jaietan banatu ziren lehen txantxiak. Festa egunetan zehar ospatutako hainbat lehiaketetan sariak txantxitan banatu ziren. Herriko baserritarrei ere txanpon berriarekin ordaindu zitzaien “Herri egunean” antolatzen duten animali erakusketa. Horiek ziren orain arte zirkulazioan zeuden txantxi bakarrak. Moneta horiekin guztiekin 15.000 mila euro inguru daude txantxitan zirkulazioan. Orain, ordea, edozein herritarrek izango du moneta berezi hau eskuratzeko aukera. Udaletxeko beheko solairuan truke bulegoa ireki da aldaketak egin ahal izateko. Bulegoa astelehenetan, asteazkenetan eta ostegunetan irekiko da, goizez eta arratsaldez. Erosketa bakoitzean gutxieneko kopurua 20 eurokoa izango da, eta gehienez 500 euroko erosketa egin ahal izango du erabiltzaile bakoitzak hiruhileko.

Momentuz urtebeteko proba epea zehaztu da. Txantxiek zer bilakaera izango duten aztertuko da, eta dendari eta erabiltzaileen balorazioa ere jasoko da epe horretan. Arazorik balego edo aldaketarik egin beharko balitz, proba epea pasatu ondoren egingo litzateke.

Ika-mikak

txantxien proiektua

txantxien proiektua

Txanpon berri honen proiektuak iritzi kontrajarriak eragin ditu. Batetik, udaleko bi taldeen arteko liskarra sortu du proiektuak, eta bestetik, dendari eta herritarren artean ere hainbat iritzi sortu dira.

EAJko udal taldeak aditzera eman duenez, proiektuaren oinarriekin ados egon arren, ez datoz bat ezarritako sistemarekin. Iraungitze dataren aurka egin dute jeltzaleek eta sistema garestiegia dela salatu dute. Txantxien ordez, merkataritza bonuak edo Aiara aldean erabiltzen den txanpona jartzen dute adibide gisa.

Bilduko gobernu taldeak oharra kaleratu du gaitzespenei erantzunez. Bertan jasotzen denez, EAJkoen kritikek ez dute oinarri sendorik. Aipatzen da proiektua merkatari talde baten lanketatik abiatu dela, eta beraien behar eta eskaeretara egokitu omen da proiektua. Azpimarratzen dute jeltzaleek proposatutako alternatibek are eta aurrekontu garestiagoa izango luketela. Gaur egungo sistemaren kostuak dendariek beren gain hartzen dituzte, eta beste aukerak udalak ordaindu beharko lituzke.

Jeltzaleek enpresen inplikazio beharra ere azpimarratu zuten. Proiektuak aurrera egin dezan enpresek soldataren zati txiki bat herriko txanponean ordaintzearen beharra ikusten dute. Bilduko ordezkariek adierazi dutenez, Ulma taldearekin (herriko enpresa garrantzitsuenarekin) hartu-emanetan ari dira, estrategia bat zehazteko asmoz.

Iritzi kontrajarriak

Egia esan, dendari guztiak ez daude proiektuarekin ados. Formatua nahasgarria da, askoren iritziz. Iraungitze data izatea ere ez da askorik gustatu. “Hori horrela izanik, jendeak ez ditu euroak txantxiengatik trukatuko”, esan digu Maria Iciar Unamuno Altuna estankoko jabeak. “Ehuneko bosteko saria eskuratzeak ez du jendea animatuko, deskontu txikiegia da”.

Beste batzuek aldiz, txantxien alderdi positiboak azpimarratu dituzte, eta proiektu honen alde agertu dira guztiz. Horietako bat da Aitor Ugarte, Bellotza dekorazio dendako jabea. Honek aitortu du berarentzat laguntza berezia dela txanpon berri hau; dirua Oñatin bertan mugitzen da eta bertan mantendu. Hori oso interesgarria dela dio. Gainera, itxaropentsu agertu da proiektu berriaren aurrean, eta gogotsu adierazi du, “espero dut hilabeteek aurrera egin ahala jende gehiagok erabiliko duela”.

Mendizabal kirol dendako Maria Josek ere esperantza handia du proiektu honetan, izan ere, orain arte kezka handiarekin zebilen, jende asko kiroletarako arropa erostera Oñatitik kanpora mugitzen baita normalean.

Sistema berriaren zailtasunak

Udalean aitortu dute hasiera batean konplikatu xamarra izan daitekeela sistema berria, baina denbora kontua izango dela ohitzea. “Gauza gehienek bezala, denbora eskatzen du egitasmo berrietara ohitzeak”, esan du Josu Lizarralde sozio-ekonomia saileko udal arduradunak. “Atez atekoarekin ere polemika izan zen hasieran, izugarrizko eztabaida sortu zen, baina orain inor gutxik jartzen du eredua zalantzan; txantxiekin ere gauza bera gertatuko da”.

Baina ez udalak bakarrik, herritar batzuek ere azpimarratu dute txantxien proiektu hau konplikatua iruditzen zaiela. Batez ere adinekoek aitortu dute proiektu berri honetara ohitzea zaila izango dela eta denbora beharko dutela guztia ondo ulertu eta txantxia erabiltzen hasteko. Hala ere, egia da proiektua positiboki baloratzen dutela hauek ere, eta ohitura kontua dela ziur daude.

Badira iraungitze dataren aurka agertu diren hainbat herritar. Alferrikakoa ikusten dute urtean lau iraungitze data ezarri eta data iristen denean oraindik erabili ez diren txantxiak berritu edota eguneratu behar izatea. Azken finean horrek ekarriko du erabiltzaileek euroak txantxiengatik ez trukatzea. Bestalde, hainbat dendarik ere aipatu duten moduan, herritarrak ere ados daude euroak txantxiengatik aldatzean eskuratutako ehuneko bosteko saria oso txikia dela. Uste dute deskontu hori handiagoa izango balitz jende gehiagok joko zuela txanpon berrira, baina 100 eurok 105 txantxi suposatzeak ez du arreta handirik pizten kontsumitzaileen artean.

Hau horrela izateak ez du laguntzen txantxien erabilera handitzen. Egia da proiektu interesgarria dela eta dirua herrian gelditzea garrantzitsua dela, baina askok txantxien ordez beste proiekturen bat aproposago ikusten dute oñatiarren gastu-ihesa mugatzeko.

“Inori ez dio kalterik egiten”

Egia da udalak aurrerantzean txantxitan ordainduko dituela urtean zehar ematen dituen sariak, eta aplikatzen dituen hobariak. Hori desabantaila izan daiteke txantxiak erabili nahi ez dituenarentzat, izan ere ezingo ditu txantxi horiek euroengatik trukatu. Baina, hala ere, proiektu berri honek kalterik ez dakar berarekin; “erabili nahi duenak erabiltzen du, eta nahi ez duenak ez”, esan du Lizarraldek. “Ez da derrigorrezkoa txanpon berri honen erabilera, oñatiarren gastu-ihesa mugatzeko helburuarekin sortutako moneta da soilik”.


Elkarrizketak

Aitor Ugarte, Bellotza dekorazioa

Zer iruditzen zaizu txantxien proiektua?
Proiektu interesgarria iruditzen zait. Zaila da jakitea nolako erantzuna izango duen herritarren aldetik, baina nik uste jendea animatuko dela. Beharbada, sistema konplikatu xamarra da, eta iraungitze data egonik, agian jendeak ez ditu eskuratuko. Hala ere, udalak ematen dituen sari eta diru-laguntzak herrian gastatu beharra oso ondo iruditzen zait. Udalak emandako dirua herritar guztion dirua da, eta beraz, positiboa iruditzen zait herrian gastatu behar izatea.
Hasi al zara txantxiak erabiltzen?
Bai. Bezero pare bat etorri zitzaizkidan txantxiekin. Hilabete bakarra pasatu da, eta jendea ohitzeke dago oraindik. Espero dut hilabeteek aurrera egin ahala jende gehiagok erabiliko duela.
Diru iturri garrantzitsua izango dela uste duzu?
Ez dut uste, baina jasotakoa gutxi izan arren, ondo datorkit. Kontuan hartu behar da salmentak asko jaitsi direla dekorazioaren sektorean. Jendeak kontsumitzeko beldurra du, eta hori nabaritzen da

Maria Iciar Unamuno, Altuna estankoa

Erabiltzen al dituzu txantxiak zure dendan?
Ez ditut nire dendan txantxiak erabiltzen. Estanko bat dut eta ez dut uste merezi duenik. Txantxien helburuetako bat dirua Oñatin bertan mantentzea da, eta nik uste dut nire dendaren kasuan ez dagoela horretan arazorik. Tabakoa erostea nahi duena normalean ez da kanpora erostera joaten. Nire kasuan txantxien erabilerak gauzak ez lituzkeela aldatuko uste dut.
Zure kasuan beharrezkoa ikusten ez duzun arren, zer iruditzen zaizu txantxien proiektua?
Berez ideia ona dela uste dut. Ondo iruditzen zait herritarrek herrian bertan gasta dezaten bultzatzea, baina segun eta zein dendatan uste dut ez duela merezi. Aurrez esan bezala, nire kasuan ez behintzat. Baina egia da abantaila asko dituela denda batzuetan, nahiz eta desabantaila nahikotxo ere badituen.
Zeintzuk esango zenituzke direla desabantailak?
Iraungitze data izatea ideia ona ez dela uste dut, izan ere, horrela jendeak ez ditu euroak txantxiengatik trukatuko. Beste alde batetik, euroak txantxiengatik aldatzean, ehuneko bosteko saria jasoko du herritarrak, eta nik uste dut sari hori eskuratzeak ez duela jende askorik animatuko, deskontu txikiegia iruditzen zait. Gainera ez dut uste diru iturri garrantzitsua izango denik; egia da dirua Oñatin bertan mugituko dela, baina horrek ez ditu salmentak asko igoko, edo hori uste dut nik behintzat.

Ikasleek egindako lana
  • Ikasgaia: Prentsa idatziko mezuen sorkuntza eta ekoizpena
  • Ikastaroa: 2014/2015
  • Ikasleak: Irma Arabaolaza, Imanol de la Varga

Say something

Your email address will not be published. Required fields are marked with a grey bar.

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>