Ikasketak

Juan Carlos Etxeberria, telebistako barrenak azaltzen Deustuko Unibertsitatean

Telebistako albistegiak guztiok ikusi ditugu noizbait baina, ba al dakigu nola ekoizten diren 60 minutu horiek? Aurkezleen atzean lan talde handi bat dago egunero gogor lanean, eta horixe bera azaltzera gerturatu zen Deustuko Unibertsitatera Juan Carlos Etxeberria. Euskal Telebistako albistegietatik egun ETB2 kateko 60 minutoseko gidaria izatera pasatu da.

Joan den asteazkenean, martxoak 21, Etxeberria Donostiako campusean egon zen, “Komunikazioko profesional baten egunez eguneko jarduna” zikloa zela eta. Maila ezberdinetako Komunikazioko ikasleak bildu ziren bere hitzak entzutera: inork ez zituen bere berbak galdu nahi.

Azalpenak bideoekin, ikasleen zalantzekin eta hauei zuzendutako galderekin txandakatu zituen: dinamikoa izan zen hitzaldia. Kazetaritzaren egoeraren berri ematen hasi zen, nahiz eta zaila den Komunikazioko Gradua ikasten dabilen batek horren berri ez izatea: krisian dago, okerren baloratutako lanbideetako bat da, kazetari asko langabezian daude eta, hala ez dauden zorionekoen lana, aldiz, gaizki ordaindua dago gehienetan… Baina Etxeberria ez zen lanbidearen alde iluna erakustera etorri. Kontrakoa: urte gutxitan komunikatzaile izango direnei kazetaritzaren xarma azaltzea zen bere helburua. Zehazki, telebistarena, urte askoz murgilduta egonda hain ondo ezagutzen duen hedabidearena.

Mezu itxaropentsu batekin eman zion buelta hitzaldiaren norabideari: “Kazetaritza egoera txarrean egonda ere, berriro hautatuko nituen ikasketa horiek”, zioen ziurtasun osoz. Lanbidean, kasu honetan telebistaren munduan, lanean dabilenak argi izan behar ditu bi kontzeptu klabe. Alde batetik, talde lana. Etxeberriak azentua jarri zuen talde lanaren garrantzian, batek soilik ezer gutxi egin dezakeelako telebistan. Bestalde, kazetari orok irizpideak izan behar ditu, eta zer esanik ez informazioa egiaztatu egin behar duela beti.

Gidatzen hasi berri den 60 minutos saioarekin gauzak ikasten dabilela zioen. Urte askoz lanbidean murgilduta egonda ere, ikasteari ez dela uzten transmititu zuen. “Egin gauza ezberdinak eta ikasi”, zen Etxeberriaren aholkua. Denetarik jakitea ezinezkoa dela zioen, eta, horren harira, berarentzat kazetariaren deskribapena gustukoena dena: itsasoa bezain ezagupen zabalak, baina atzamar bateko sakontasunekoak, dituen pertsona da.

“Aukerei probetxu atera eta, neurri batean, kopeta izan”, zioen Etxeberriak gogotsu aditzen ari ziren ikasleei. Baina guztia ez dago baten esku: “momentu aproposean toki zehatzean egoteak ere badu bere pisua”, zen ETBko aurpegi ezagunak zioena. Hitz batean, zortea, eta are gehiago bizi dugun garai honetan, sektorea nola dagoen sumatuta. Baina ezer ez da ezinezko. Infocometik zorte on gertuko etorkizunean kazetaritzaren eta orokorrean komunikazioaren munduan murgildu nahi zarenoi!

Telebistaz gain, Etxeberriaren berri jakiteko bere Twitterreko kontua edota bloga jarrai dezakezue.

Say something

Your email address will not be published. Required fields are marked with a grey bar.

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.