Ikasketak

Komunikazioa, etorkizuneko arrakastaren giltza

 

La-comunicación-desde-los-blogs

Egun, ukaezina da komunikazioak duen garrantzia. Mende berriaz geroztik bizi dugun gizarteak ez dauka ia antzekotasunik orain dela urte batzuk bizi zutenarekin; hori dela eta, bertako ezaugarriak desberdinak dira. Egun bizi dugun industriaz geroko garaiak -garai postindustriala ere deitzen denak- orain arte bizi gabeko testuinguru batean kokatu gaitu, eta informazioa eta horren garraioa bihurtu dira ia guztiaren ardatz.

Bizi dugun garaira iristeko, jakina den bezala, aldaketak gertatu dira. Orain arte, industrializazio garaian, alegia, industria ekonomiak zeukan pisu gehiena. Orain, ordea, produktuak baino askoz ere garrantzia gehiago hartu du horiek sortzeko beharrezkoa den jakintzak. Hori horrela, inguratzen gaituen gizarteari erreparatzen badiogu, inoiz aurkitu gabeko ezaugarriekin egingo dugu topo.

Horietako bat da teknologia. Egia esan, faktore hau aldaketaren eragiletzat eta ondoriotzat har daiteke. Teknologiaren ondorioz, orain dela urte batzuk pentsaezinak izango ziren ekintzak egin ditzakegu. Patriketan ditugun mugikorrak gure bizitzako parte dira, gure eskuetako luzapen modukoak. Esan beharrik ez dago, ez behintzat belaunaldi gazteenei, teknologiak dituen onurak zeintzuk diren: munduko edozein txokotan dagoenarekin arazorik gabe hitz egin dezakegu gure alboan jazarrita egongo balitz bezala, lan akademikoak egiteko informazioa biltzeko izugarrizko erraztasuna ematen digu, mundu mailan gertatzen denaren unean uneko informazioaren berri dugu…

Egia da bai, teknologiarekin, beste sorkuntzekin edo errealitaterekin bezala, bizitzen ikasi behar dela egungo munduan eta, hori dela eta, teknologiarekin bizi diren gizarte taldeek, jaiotzerakoan besapean ogia ekarri beharrean ordenagailua edo mugikorra ekarri dutenek, gehienbat, ez dutela ahaztu behar aurrerapen honek eduki ditzaken arriskuekin.

Bizi dugun garaiko beste ezaugarrietako bat ikerketa eta garapenaren garrantzia da. Jakina da lehiakortasunez beteriko munduan bizi garela, ingurua uneoro aldatzen dena. Aldaketen azkartasunak uneoroko aldaketak eskatzen dizkie enpresei beraiei ere, eta joku zelaian egoten jarraitzeko, noski, beraien publikoa ezagutu behar dute. Azken horiek inoiz baino gehiago eskatzen die egungo enpresei, eta askoz ere joera handiagoa dute betiko bezero leialak ez izateko.

Aurreko bi ezaugarri nagusiak hurrengoak bilduko lituzke, hots, globalizazioak. Egun fenomeno bat ezaguna bada, globalizazioarena da. Kontzeptu honek irakurketa bat baino gehiago eduki ditzake, prozesu ekonomiko, teknologiko, politiko, sozial eta kulturaltzat hartzen baita. Fenomeno horrek ekarritako errealitate berriak aztertzen hasiz gero, hainbat nabarmenduko genituzke: Malgutasun eta produktibitate ekonomiko gehiago dago, aniztasun ideologikoa indartu du, minoritarioak diren hizkuntza eta herrien oihartzun bezala jokatu du… Hala ere, globalizazioak sortutako fenomenoetako asko mahai gainean jartzeko modukoak dira, eta, zalantzarik gabe, etorkizuneko erronkak izango dira: ekonomikoki indar eta oihartzun askorik ez daukaten enpresen bizirautea bermatu beharko da, kultura nagusiek kultura minoritarioen kalitatean dituen eraginak aztertzea beharrezkoa izango da…

Eta zein da, bada, komunikazioaren papera erronkaz jositako mundu honetan? Erabakigarria, zalantzarik gabe. Komunikazioak jokatuko duen paper horren irakurketa foku desberdinetatik egin daiteke, baina guztietan ikus daiteke komunikazioak bertan lagun dezakeela. Ekonomiari erreparatzen baldin badiogu, komunikazioa ezinbestekotzat jo daiteke. Izan ere, komunikazioak ahalbidetuko die egungo enpresei beste enpresengandik bereiztea. Gainera, komunikazioak bere publikoengandik gertuago egotea ahalbidetuko die enpresei, baita horiek ezagutzea ere. Politikoki aztertuz gero, derrigorrezkoa da hauek komunikazio egokia burutzea; izan ere, hala egiten badute, beraien mezu eta intentzioak modu argiago batean ulertu daitezke. Arlo sozialean fokua jarriz gero, hedabideen komunikazioa azpimarratu daiteke, izan ere, iritzi publikoan dute zuzeneko eragina eta horrek determinatuko du publiko horrek gai desberdinei buruz duten iritzia.

Komunikazioa ez badago, ez dago erantzunik, eta erantzunik ez badago ez dago planteamendu berririk, ezta hobetzeko erabakirik ere. Informazio hutsa. Beraz, zalantzarik gabe, etorkizuneko komunikatzaileek mundu anitz eta konplexu honetan paper erabakigarria izango dute.

Say something

Your email address will not be published. Required fields are marked with a grey bar.

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>