Ikasketak

Xabier Madariaga, telebistako pantailatik Donostiako Deustuko ikasleengana

Ingalaterra, Bilbo, Jerusalem, Madril, Bilbo eta Paris. Xabier Madariagak (@XMadariagaI) ikasketak amaitu zituenetik maleta hartu eta ez da gelditu. Mikrofonoarekin hara eta hona ibili da. Azkenengo geldialdia, pare bat ordutarako izan bada ere, Deustuko Unibertsitatea izan da. Pasa den asteazkenean, urriak 30, Donostiako campusean egon zen, “Komunikazioko profesional baten egunez eguneko jarduna” zikloa zela eta. Maila ezberdinetako Komunikazioko ikasleak bildu ziren bere hitzak entzutera.

Unibertsitatetik irten eta gaur egunera arte izan duen ibilbidea azaldu zuen. Xabier Madariagak guztira hamar urte daramatza EITBn: oraindik ikasle zela, Ingalaterratik noizbehinka kronikak egiten zituen Euskadi Irratirako. Bere hitzetan, “hedabidea bera da eskolarik onena”. Irratitik telebistara egin zuen salto, eta ETBn egon zen bekadun. Argi zuen bere tokia ez zela erredakzioa, atzerria baizik: Londres zen bere helmuga, Ingalaterrako aurreko esperientzia onak bultzatuta. Gauzak ez zitzaizkion nahi bezala atera, eta destinoz aldatu behar izan zuen. Ekialde Hurbilean pentsatu eta Jerusalemerako hegazkina hartu zuen. “Urte bakarra izan behar zen egonaldia hiru urte luzatu zen”, zioen. Dudarik gabe, bere ibilbide profesionaleko urte hoberenak izan zirela ziurtatu zuen, baina baita gogorrenak ere. Euskal Herritik gertuago egotearen beharraren aurrean, urte beterako Madrilera joatea erabaki zuen, eta hortik oraindik ere etxetikgertuago, Bilboko erredakziora.

Bere azalpenak bideoekin eta entzuleei zuzendutako galderekin txandakatu zituen, alegia, dinamikoa izan zen hitzaldia. Ikasleak gogotsu ibili ziren Madariagaren istorioak aditzen eta parte hartzen, batez ere bukaeran galderen txanda izan zutenean.Jada hirugarren urtea da EITBren Parisko korrespontsala dela. Gaur egun egiten duen lana azaltzeko hauteskundeetan oinarritu zen; izan ere, aurtengo Frantziako hauteskundeak bete-betean egokitu zaizkio. “Hauteskundeak parean tokatzea hoberena da atzerrian lan egiten duen kazetari batentzat”, batez ere kontuan hartzen badugu korrespontsal baten lanaren %70ak nazioarteko politikarekin zerikusia duela. Kazetari batentzat hauteskunde kanpaina baten berri ematea zer suposatzen duen azaldu zuen, baita komunikagarri diren istorioak zeintzuk izaten diren ere. Pare bat minututako kronika edota bideo bat egiteko kontuan izan behar diren alderdien inguruan ere mintzatu zen.

Egungo egoera sumatuta, eta etorkizun batean bere bidea jarraitzekotan dauden ikasleak izanda, aholku bat emateko eskatu zioten Madariagari. Argia izan zen: “Bideratu indar guztiak nahi duzuena egiteko. Ezer ez da ezinezko”. Hitz batean: arriskatu. Hori zen mezua. “Ez duenak arriskatzen ez du irabazteko aukerarik” dio esapideak, eta Madariaga izan genuen Donostian irabazte horren adibide. Bertan egon ziren guztiei argi geratu zitzaien: Xabier Madariaga Paristik datorren kazetaritzako artista bat da.

 

Oreka Komunikazioak egindako elkarrizketa hurrengo bi bideotan ikusgai: lehenengo zatia eta bigarrena.

 

One comment on “Xabier Madariaga, telebistako pantailatik Donostiako Deustuko ikasleengana
  1. Pingback: Xabier Madariaga, irakasle lanetan Deustuko Unibertsitatean ‹ Estudios en Comunicación

Say something

Your email address will not be published. Required fields are marked with a grey bar.

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.