Ikerketa eta transferentzia

“Emakumeen Euskara Batua” hitzaldia, Deustun

WhatsApp Image 2018-12-05 at 08.22.55

Ezkerretik eskuinera: Jose Luis Zabala, Arantxa Urretabizkaia, Itxaro Borda, Miren Azkarate eta Irene Arrarats

Euskaraldiaren 11 eguneko ekimenarekin egin zuen topo joan den ostiraleko “Emakumeen Euskara Batua” mahai inguruak. Ez da, ordea, gisa honetako lehena ikasturte honetan; izan ere, joan den azaroaren 13an Kathrine Switzer kirolariak eman zion hasiera ikasturtean zehar hainbat arlotako emakume erreferente unibertsitatera ekarriko dituen “Emakumeak leman” lelopeko zikloari. Hitzok dioten bezala, emakumeak ditu ardatz hitzaldi zikloak, eta horren erakusle izan zen aurreko asteko hitzaldia ere, bertan parte hartu baitzuten euskararen inguruan diharduten hainbat emakumek: Irene Arrarats (Hernani, 1967) Berria egunkariko euskara arduraduna eta euskaltzain urgazlea; Miren Azkarate (Donostia, 1955) euskaltzain osoa, hizkuntzalaria, irakaslea eta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia; Itxaro Borda (Baiona, 1959) idazlea eta Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) idazlea, kazetaria eta euskaltzain ohorezkoa. Moderatzaile lanetan ibili zen, bere aldetik, Juan Luis Zabala (Azkoitia, 1963) idazle eta kazetaria.

Euskaraldiarekin bat egiteaz gain, euskara batuaren jaiotza ofizialaren urteurrenean ere koka dezakegu pasa den asteko ekitaldia. Izan ere, aurten bete dira 50 urte Euskaltzaindiak hizkuntza arautu eta bateratu bat abian jarri zuenetik. Orduz geroztik hainbat eta hainbat ibili dira euskararen alde borrokan, emakume asko tarteko. Horren harira, horrela zioen Elixabete Perez Deustuko Unibertsitateko irakasleak eta Euskal Gaien Institutuko zuzendariak ere ekitaldiari sarrera eman zionean: “Gaurko gonbidatuek ere erakutsiko bide digute emakumeek nola parte hartu zuten euskara batua sortzen, indartzen, zabaltzen Euskaltzaindia 1968an Arantzazun elkartu zenetik honatz”.

Behin aurkezpena eginda, Zabalarena izan zen hitza. Parte hartzaileak gaian sartzen hasteko, lehenik, euskara batura nola iritsi ziren galdetu zien azkoitiarrak hizlariei. Ñabardurak ñabardura, lau emakumeek modu naturalean iritsi zirela aipatu zuten elkarren artean irribarretsu. Bakoitzak berea kontatu ondoren egungo errealitate bati heldu zion moderatzaileak eta serio planteatu zuen ondorengoa: “Zein da euskara batutik ihes egitera bultzatzen gaituen faktorea?”. Hainbat eta hainbat ideiak zipriztindu zituzten hitzaldia ikustera hurbildu zirenak, baina faktore sozialak eta erregistro kontuak aipatu ziren gehienbat. “Erregistro oso formalekin lotzen dugu euskara batua, ez egunerokotasuneko egoerekin” zioen Arraratsek, eta horri heldu zion Azkaratek: “geurea defendatzeko ohitura daukagu, herri hizkuntzarekin identifikatzen gara gehien”. Hori horrela, euskara batuak eremu informaletara nola irits daiketeen eztabaidatzen hasi ziren lau emakumeak. Guztiek bat egin zuten “euskararen erabilera norberaren hautua” izan behar duela aipatu zutenean; hala ere Urretabizkaiak zioen: “Ia atzo sortu zen euskara batua, horrek ere bere denbora behar du!”.

WhatsApp Image 2018-12-05 at 08.23.26

Miren Azkarate ezkerrean eta Elixabete Perez Gaztelu eskuinean

Ondoren, eta berriro ere Euskaltzaindiaren urtemugari eutsita, Zabalak euskaltzain esperientziari buruz galdetu zien Arraratsi, Azkarateri eta Urretabizkaiari, eta hirurek nabaritu zuten esperientzia normaltasunez bizi izan zutela. Umore puntu bat jartzeko asmoz gehitu zuen Urretabizkaiak: “Emakumeak garelako ez dugu zertan emozio gehiagoz bizi behar, gizonen pareko gaude gu”. Bukatzeko, euskararen adar bereizgarri bati eutsi zion Zabalak, hitanoari. Elkarrizketatuek, lehenengo galderan ez bezala, ordea, ez zuten azken honetan adostasunik erakutsi, bakoitzak hitanoaren inguruan egiten duen erabilera desberdina dela adierazi baizuten guztiz. Gainera, bertara hurbildu zirenek lau gonbidatuei galderak egiteko aukera ere izan zuten amaieran.

Say something

Your email address will not be published. Required fields are marked with a grey bar.

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>