Ikerketa eta transferentzia

Ikasketa ordu solidarioak

Zer egiten dute bi kutxek Donostiako Deustuko Unibertsitateko liburutegiko sarreran? Ikasleek bertan igarotzen duten ordu bakoitza diru bihurtu. Magia dirudien arren, egiazkoa da. Ikasketen Elkartasunezko Olinpiada deritzo eta hilabete iraungo du ekimen honek gure artean. Lan ordu bakoitzeko babesleek euro bat zuzenduko dute hezkuntza proiektu batera. Udaletxeak (Harokoa, Teruelekoa, Santiagokoa, Errioxako Gobernua), aurrezki kutxak (VidaCaixa, IberCaja Obra Social) eta unibertsitateak, besteak beste, dira babesleak. Espainian, Eslovenian eta Kroazian biltzen diren orduak, eta hortaz, dirua, Kongoko Errepublika Demokratikoko Kivu Surren 14 eskola berreraikitzera bideratuko da.

Mundu mailan 15 herrialdek martxan jarri dute ekimen hau. Coopera, ACTEC, Cooperación Internacional eta Manuel Iradier elkarte afrikanista dira bultzatzaileak. “Jarri zaitez 10 bat” izenburupean (hala dago ofizialki euskaratua, modurik ez egokienean), hamargarren edizioa da aurtengoa. Pasa den azaroaren 5ean jarri zen abian, eta jada 297000 ordu bildu dira Espainia osoko ikasgeletan. Zehazki Donostiako Deustuko campusean 3055 ordu eta 371 partaide egon dira orain arte.

Noizbait pentsatzen jarri al zara heziketa faltak bizitzan aurrera egiteko suposatzen duen oztopoan? Ikasleek dirua ipintzen ez duten heinean, ekimen honen helburua ez da ekonomikoa, hezigarria baizik. Horretan datza ekimen hau: ikasleengan sentsibilizazioa sortzean eta hauen partaidetza solidarioa sustatzean. Gainera, NBEn Milurteko Garapeneko Helburuetako bat lehen mailako irakaskuntza unibertsala lortzea denez, guztiz harira dator ekintza hau. Babesleei dagokionez, ahalik eta ikasketa ordu gehienak biltzea da beraien xedea, horrek guztiak suposatzen duen dirua proiektu ezberdinetara bideratuko baitute.

Seihilekoa aurrera doa: ikasteko garaia iritsi da, eta baita solidarioak izatekoa ere. Ikasle guztien ahaleginari esker 4700 gaztetxok egoera egokiago baten ikasi ahal izango dute. 12 egun falta dira kutxa magikoak, Donostiako Deustukoak, liburutegitik kendu eta Kongorako bidean jartzeko. Hortaz, aprobetxatu eta izan ikasle solidarioa: gerturatu liburutegira, ohi bezala, eta ikasten edota lanean pasatzen duzun ordu bakoitza normalean baino baliotsuagoa izango da.

Deustuko Unibertsitateko hormak gogorarazten digu jakituria dela gizakion altxor preziatuena: “sapientia melior auro” irakur dezakegu Graduko aretoan. Altxor preziatua ere, denbora: urrea dela diote, eta orain are gehiago. Hortaz, bete ditzagun guztion artean liburutegiko kutxak ikasketa ordu solidarioekin. Bihur ditzagun kutxak urrez gainezka dauden bi altxorretan.

Say something

Your email address will not be published. Required fields are marked with a grey bar.

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.