Ikerketa eta transferentzia

Prentsa idatzia: gizonezko politikarien eremua?

Genero-harremanak pisua irabazi du azken urteetan: denetariko lanak egin dira emakumezkoen eta gizonezkoen ezberdintasunaren inguruan. Baina, komunikabideetan, eta zehazki prentsa idatzian, zer-nolako presentzia dute emakumeek? Eta nolakoa da ematen zaien trataera? Horixe bera jakiteko Deustuko Unibertsitateko bederatzi irakasle lanean jarri ziren, eta pasa den astean Donostiako campusean liburua aurkeztu dute: “Representaciones de las mujeres políticas en la prensa”. Deustuko Unibertsitateko Argitalpen Sailak argitaratu du, Emakunderekin batera.

María Pilar Rodríguez (argitaratzailea), María Silvestre (Emakundeko zuzendaria) eta Alazne Mujika izan dira liburua aurkeztu dutenak, nahiz eta irakasle gehiagok ere parte hartu: Miren Berasategi, Iñaki García, Juan José Gibaja, María Jesús Korkostegi, María Jesús Pando, Ana Recalde eta Begoña Sanzek jarri dute harri-koskorra lanean. Egunkari mordoxka esku artean hartu eta egunero orrialdeak goitik behera miatu zituzten. 2010eko urriaren 1etik 31rako tokiko eta estatu mailako prentsa izan zituzten aztergai, zehazki: El País, El Mundo, El Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa, Gara eta Berria.

Lan interdisziplinarra izan da. Alde batetik informazio testuen eta irudien analisi kualitatiboa egin da. Bestetik, analisi kuantitatiboarekin gazte unibertsitarioek politikan jarduten duten emakumeen inguruko iritzia ezagutu nahi izan da. Azken honetarako 500 unibertsitarioen artean inkesta bat pasa da, postaz eta sare sozialen bitartez.

Hedabideek errealitatea kontatzeaz gain, askotan eraiki ere egiten dute. Oro har, egunkariak irakurtzean, ez gara jabetzen detaile askotaz, horiek oso deigarria izan ez ezean. “Tenemos que fijarnos de otra manera”, dio egileetako batek. Liburu honek erakusten digu argazki, titular edota edozein adierazpide batean tendentzia sexistak egon daitezkeela atzetik.

Estatu mailako egunkarietan agertzen direnen %88a gizonezkoak dira, eta gainerako %12a emakumeak; aldiz, autonomi mailan, argazki edo titularretan azaltzen direnen %5a soilik emakumeak dira. Alegia, berriro ere gizonezko politikariak dira jaun eta jabe, kasu honetan prentsa idatzian. “Tendemos a creer que la igualdad ya existe”, dio María Pilar Rodriguezek, baina aski ondo dakigu ez dela guztiz erreala berdintasunaren existentzia. Politika jada esparru zaila da emakumeendako; hala ere, egia da gure gizartean aurrerapausoak eman direla, baina oraindik asko dago egiteko. Berdintasun-generoaren aldeko bidea eraikitzen hasiak gara, baina ez da oraindik helmugarik sumatzen. Bidea ez da eraiki behar dugun bakarra: egileek dioten bezala, politikan emakumezko erreferenteak ere eraiki behar dira, belaunaldi berriek “politika” edota “lidergoa” gizonezkoekin soilik lotu ez ditzaten.

Say something

Your email address will not be published. Required fields are marked with a grey bar.

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>