Ikasketak

Komunikazioarentzat garairik hoberena dela azpimarratu dute mahai inguruan

Esperantzara kondenatuak. Horrela gaude jaio ginenetik, horrela bizi gara eta gure etorkizunari ere, horrela egin beharko diogu aurre. Ze erremedio. Komunikabide tradizionalak eta kazetaritza bera sekula bizi izan duen krisirik bortitzenetako baten aurrean daudela ez du inork ukatzen. Ez da aditua izan behar hori ondorioztatzeko. Baina bada esperantzarako motiborik.

Luistxo Fernandez (sustatu), Hasier Etxeberria (zuzeu) eta Jon Ordoñez http://berriketan.info/, Xan Harriagueren gidaritzapean Gizarte eta Giza Zientzien Komunikazio Sailak antolatu duen mahai ingurutik irakurketa hori atera daiteke behintzat. Luxuzko ahotsak eta luxuzko bisita izan genuen asteazkenean. Komunikazio mundua gustuko dutenek eta komunikazioaz ogibide egin nahi duenarentzat, alde batera uzterik ez zegoen parada. Dakienaz ikasten baita edo ikasi behar baitu ikasi nahi duenak behintzat. Ez, ez dute kazetaritzat beren burua –Ordoñezek salbu–. Ez dute kazetaritzarik egiten, baina komunikatzaileak dira. “Tresna bat eskaini nahi diegu informazioa gustuko duten euskaldunei (…) inbutu lana egiten dugu” argitu zuen Etxeberriak.

Hiru hizlariak mahai inguruan

Hiru hizlariak mahai inguruan

Moisesen taularik ez dago. Lege magikorik ere ez. Eguraldiaren mapa ere badirudi honek sarri, eguzki eta hodei artean mugitzen baikara. Udaberriaren modura, une batetik bestera hondartzatik aterpera. Egia absoluturik ez, baina guztiek bat egin zuten hala ere aurreikuspenean. Etorkizuna sarean dago.

Etorkizuna asmatzeko dago oraindik. Ezagutzen denaren horretatik haratago joatea edo atzean utzi eta bide berriei ekitea beti dela zaila eta gogorra berretsi nahi izan zuten. Baina aldi berean, gauza txar guztien modura, bere alde positiboa ere badu egungo testuinguruak. Ate guztiak zabalik daude. Kazetaritza eta medio tradizionalek bizi duten krisi ekonomikoa eta sinesgarritasunaren galera dela medio “kriterioa” saltzeko garaia dela azpimarratu nahi izan zuten aho batez. “Ahots eta kriterio propioen garaia da” eta hori izango da gainera kazetaritzari prestigioa itzuliko dioena hirukotearen hitzetan.

Ate bat edo leiho bat ixten denean, beste bat irekitzen dela dio esapide zaharrak. Beldurra arrunta da egoera berrien aurrean. Are gehiago ahora eraman beharrekoa, atzera uztear zauden gela horretan aurkitzen bazenuen. Baina gazteak direla gogoratu nahi izan zien Jon Ordoñezek bertaratuei “probatu ezazue beldurrik gabe, beldurrik gabe erabili. Indioilarrarena egiteko garaia hau da, zeuon kriterioa nabarmentzekoa”.

Beraien beharra badagoela esan zien berriz Etxeberriak ikasleei “baina zuen burua erakutsi behar duzue”. Lana egon badagoenaren adibide garbi gisara, bere blogean, zuzeu.com-en, egun erdiz lan egiteko kazetari bat behar zutela gogorarazi zuen. Azken finean inoiz baina informazio gehiago kontsumitzen baita  eta “komunikazioarentzat ez da garai hoberik egon, erredakzioentzako berriz oso txarra da”  Luitxo Fernanendezen ikuspuntutik. Etorkizuneko kazetaria, azken batez, zerbaitetan aditua den pertsona bat izango dela uste dute. Apurka bere bidea zabaldu beharko duena eta batentzat eta bestearentzat jardun beharko duena.

Aitzitik, unibertso berri horren aitzinean, euskara aurki dezaken panoramaz ere mintzatu ziren. Beltz ikusten ditu Etxeberriak datozen urteak paperezko prentsarentzat “hizkuntza handiak ematen ari diren alternatibek ez dute balio”. Hala ere espezializazio mailan esparru handi bat eskaintzen duela oraindik gehitu zuen Ordñezek. Zailtasunak bai, baina aukerak ere bai etorkizunerako.

Espero dezagun bederen, esperantza bera, ez dadila izan helmugarik topatzen ez duen erlijio berria.

Say something

Your email address will not be published. Required fields are marked with a grey bar.

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>