NO USAR (Noticias)

Ahotsaz ahotsarekin

Joan den ostiralean, martxoaren 2an, Mirari Perez Gaztelu mediku foniatra izan zen Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean. Komunikazioko Graduko ikasleei ahotsaren garrantziaz hitz egin zien eta zaintzeko aholku batzuk eman ere bai. Saioa ia bi ordukoa izan zen eta hizlariaren azalpenez gain, entzuleek ere izan zuten parte hartzeko aukera. Perezek adibideez lagundu zien bere azalpenei eta modu honetara, ikasleentzat “jarraitzeko errazagoa” izan zen hitzaldia.

Azalpenen artean, ahozko komunikazio eragingarria lortzeko baldintzez, komunikazio era ezberdinez, testuingururako egokitzapenez, zarataz, doinu, erritmo eta arnasketa aproposez hitz egin zuen medikuak; horretarako, Xabier Lete edo Imanol Larzabalen abestiak erabili zituen.

Goizeko tarterik ikusgarriena errenteriarrak 15 pertsonari “zertan nahi duzu lan egin ikasketak amaitzean?” galdetu zienean izan zen. Ikasle bakoitzak bere erara erantzun zion galderari, eta Perezek 15 ahots horietatik egoera onean lau soilik daudela jakinarazi zien. “Ahotsa ongi duen pertsona batek gai izan behar du tinbrearen garbitasuna, bolumena, tonua eta malgutasuna kontrolatzeko”, baieztatu zuen hizlariak.

Azalpenak amaituta, ikasleek foniatrari galderak egin eta zalantza guztiak argitzeko abagunea izan zuten eta Mirari Perezek guztiei erantzun zien.

Ikasleek gauza asko ikasi zituzten bi ordu labur haietan, baina batik bat, ahotsari duen garrantzia ez diotela ematen ikusi zuten: “Belauneko mina edo besoa gaizki dugunean ez dugu bi aldiz pentsatzen medikuarengana joan aurretik, eztarriko mina edo ahotsa ondo ez baditugu, berriz, duena baino garrantzi gutxiago ematen zaio”, zioen bigarren mailako ikasle batek. Komunikatzaile batentzat beharrezkoa da ahotsa zaintzea. Ostiraleko hizlariak begiak irekitzen lagundu zien komunikatzaile berriei.



Eneritz Albizu

Say something

Your email address will not be published. Required fields are marked with a grey bar.

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.