Ikasketak

Erabiliz bizi

euskararen eguna

Euskararen eguna, abenduaren 3a, aitzakiatzat hartuta, Euskal Kultur Mintegiak aparteko bi gonbidatu ekarri zituen abenduaren 1ean Deustuko Donostiako Campusera: Arantza Manterola, Ikastolen Elkarteko presidentea, eta Xan Aire, Seaskako Euskaraz Bizi proiektuaren koordinatzailea eta ahotsak.com euskalkien gordailu den proiektuko kolaboratzailea.

Arantza Manterola izan zen lehengoz hitza hartu zuena. Ordena kronologikoari jarraiki, historian atzera egin zuen eta ikastolen sorreraz hitz egin zuen. XIX. mende bukaerara eta XX. mende hasierara joan zen. Egungo ikastolen hastapenak 1946.urtean hasi ziren, Elvira Zipitriaren eskutik. Euskara klaseak ematen zituen Donostiako alde zaharreko bere pisuan. Eskaria eskaintza baino handiagoa zen eta horrela sortu ziren lehenengo ikastolak euskal hiriburuetan, lokal handiagoetan.

Arantza Manterolak zioenez, Frankismoko garai latzen ostean, 60ko hamarkadan ikastolak klandestinitatean egiten zuten lan. Azkenean, Elizaren babesarekin lortu zuten legeztatzea. Elizak ikastolekin bat egin zuen, eta hori giltzarri izan zen. Ikastolek ez zuten orain arteko eliza eskolek eta eskola nazionalek zituzten irakasteko metodoak erabili nahi, heziketa desberdin eta modernoa eskaini nahi zuten.

Bestalde, oraingo eta lehengo ikastolen ezaugarriak azaldu zituen eta zioenez, ikastolak kaleko fenomenoa izan ziren, bertan ikusten baitzuten euskara mantentzeko beharra. Baserritarrek, kontraesana badirudi ere, eguneroko bizitza euskaraz egiten zuten, eta ez zuten gabezia hori ikusten. Ikastola proiektu berritzailea zela eta, abertzaleez gain, ezkertiarrek ere bere alde egin zuten. Auzolan horri jarraiki, egun, partaidetza sozialeko ikastolak dira: jabeak gurasoak eta langileak dira askotan, kooperatiba integralak osatuz gehienetan.

Egun ere hainbat proiektu dituzte esku artean. “Euskaraz euskaldun nortasuna lortu nahi dugu eta horretarako Ikastolen Elkarteak lan asko egin du” zioen Arantza Manterolak, Euskal Curriculumarekin bat egingo duten proiektuak ateratzeko bidean. Hala, proiektu denek ardatz bera dute: euskara.

Euskararen orainari eta etorkizunari buruz ere hitz egin zuen Arantza Manterolak bertan bildu zirenekin euskararen erabilerari emanez garrantzia gehien. Ondoko hitzekin amaiera eman zion Ikastolen Mugimenduari buruzko hitzaldiari:“etorkizuna, funtsean, guk nahi duguna da eta denon esku dago euskararen erabilera”.

Bigarren hizlaria iparraldeko, Urepeleko, Xan Aire izan zen. Besteak beste Seaskan lan egiten duenez, Seaskari buruz hitz eginez hasi zuen hizketaldia. Lehengo ikastola izan zen Seaska, 1969. urtean sortu zen, material gutxirekin eta hamar dozena haurrekin. Zapalduta zeuden, eta manifestazio, greba… asko izan ziren garai haietan. Gogoeta horren mugimendu kultural horretatik Seaska sortu zen. Zapalkuntza horien kontra bi kontzeptu azpimarratu zituen Airek: Frantziako eskola publikoen barruan sartzeko proposamena errefusatu izana eta Iparraldea euskalduntzeko helburua.

euskaraz bizi

Frantziako proposamenari dagokionez, Seaskak herri mugimendua izan behar duela eta ikastolek azpitik gora doan militantzia behar dutela esan zuen. Bigarrenean, abertzaleen eta euskaldunen artean gelditzea ateak itxi eta nor bera bere “xokora” mugatzea dela zioen.

Xan Airek zioen askotan dugula joera ikasleari errua botatzeko, beren baitan uzteko euskararen etorkizuna. Egia da ikasleek jarrera aldatu behar dutela, baina helduen jarrera aldatzea ere derrigorrezkoa dela azpimarratu zuen: “Zein da zailena? Euskara edo bizitzea? Euskara mantentzeko tresnak izan baditugu, baina bizitzen ikasi behar dugu”. Amaieran zera azpimarratu zuen, izan badirela kontu asko zer egin, nola egin eta nola bizi berriz ere pentsatzeko.

 

María Manzaneque

Say something

Your email address will not be published. Required fields are marked with a grey bar.

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>