NO USAR (Noticias)

Metaaurkezpena: aurkezpenei buruzko aurkezpena

Mikel Madina aurkezpenez hizketan

Mikel Madina aurkezpenez hizketan

Joan den ostiralean, martxoak 16, Mikel Madina Euskal Filologian lizentziadun, irakasle eta web gaietan aditua Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean izan zen Komunikazioko Graduko ikasleei hitzaldi bat emateko. Ongi azaldu zuen bezala, “aurkezpenei buruzko aurkezpena”, “metaaurkezpena” alegia, izan zen.

Hitzaldia errazagoa izan zedin, Madinak hiru zatitan banatu zuen esan beharrekoa: hasteko, aurkezpenetan erabil daitezkeen lagungarriak aipatu zituen; ondoren, lagungarri bakoitzaren funtzioak izan zituen mintzagai; eta azkenik, aurrekoen erabilera on baterako aholkuak eman zizkien komunikatzailegaiei.

Lehen eta bigarren zatian, entzuleek jada ahaztuta zituzten lagungarriak ekarri zizkien gogora. Esaterako, norbaitek erabiltzen al ditu arbelak aurkezpenetan? Agian, irakasle batzuek eskoletarako beharrezko dituzte, baina ikasleen aurkezpenetan gero eta gutxiago erabiltzen dira. Madinaren ustez, “zalantzak argitzeko tresnarik onena” da arbela.
Horretaz gain, lagungarriak erabiliz gero, hizlariak dituen ardurei buruz ere hitz egin zuen: “Hitzaldia eman behar duzun lekura ezin zara besterik gabe azaldu”. Hizlariaren ardurapean dago guztia ongi dabilela egiaztatzea, akatsak zuzentzea edo/eta ezinezkoa bada, beste era batera moldatzea. “Elementu bakoitzak bere konplexutasun eta erabilerak ditu, eta guztia prestatuta eman behar da”.

Ordu eta erdiko saioko atalik interesgarriena, agian, azkena izan zen: aurkezpenetan lagungarri gisa prestatzen diren proiekzioek nolakoak izan beharko luketen azaldu zuen. Komunikatzaileei argi gelditu zitzaien “sinpletasuna” dela lagungarria ulergarri eta baliagarri izan dadin bete beharreko baldintza: “Ez da beharrezkoa erotzea, nahiz eta horretarako aukera izan”, esan zuen hizlariak.

Entzuleek ongi ulertu zuten lagungarri asko daudela, era askotakoak, ez proiekzioak soilik, eta gainera, ez direla beti beharrezkoak. Ikusiko dugu ea hitzaldiaren eraginik nabaritzen den hemendik aurrera komunikazioko ikasleek egiten dituzten aurkezpenetan.


Eneritz Albizu


Say something

Your email address will not be published. Required fields are marked with a grey bar.

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.