Euskal Kultur Mintegiak antolatutako hitzaldian, Elixabete Perez Gazteluk emakume bertsolari bati buruzko lehen monografia aurkeztuko digu (berriki gune honetan bertan eman zen haren berri): Joxepa Antoni Aranberri ‘Xenpelar’-en giroa, plaza, bertsoak, bizimodua…
Datorren asteazkenean, maiatzaren 15ean, “Emakume bertsolarien plaza: Joxepa Antoni Aranberri ‘Xenpelar’” hitzaldia izango dugu Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Arrupe Aitako 009 gelan, 15:00etan. Elixabete Perez Gaztelu, Komunikazioko Graduko irakaslea eta monografiaren egilea, izango da hizlaria. Bere lanaren emaitzez ez ezik, lan-prozesuari buruz ere hitz egingo digu errenteriarrak; “horrela, hitzaldia entzuleentzat praktikoa ere izan dadin”.
Ikerketa-lan honen emaitzetan eta Joxepa Antoni Aranberri Xenpelarrek bertsogintzari eginiko ekarpenetan interesatuta bazaudete, animatu Euskal Kultur Mintegiak antolatutako hitzaldira: euskal bertsogintzaren beste ikuspegi bat ezagutuko duzue.
Euskal Kultur Mintegia