Investigación y transferencia

(EU) “Zeluloidezko agurra”

Ondokoak “Mitxelenarenak” zikloaren amaierako aurkezpen ekitaldian esandako hitzak dira; Koldo Mitxelenaren zinema-kritikak testuinguru zabalean kokatzeko eta lan horien orduko eta oraingo balioa agerian jartzeko asmoz eginak.

Errenterian, 2015eko azaroaren 4an

Lau egun hauetan zinemaz eta paperez, zinemaz eta paperean idatzitako kritikez aritu gara eta ari gara. Hiru film eder ikusi ditugu (Zazpigarren zigilua, Le ballon rouge, Cabiriaren gauak) eta gaur laugarrena dugu, Rashomon. Koldo Mitxelenaren gustuko laukote ederra, nolanahi dela ere.

Rashomon filmarekikoak ikusi ondorako utzita, “laukotearen” oinarrian dauden bi kontzepturen gainean zerbait esatetik abiatu nahi nuke aurkezpen hau, guztia bere testuinguruan kokatzen lagunduko duelakoan: kritika (paperak) eta zinema dira tarteko, hain justu.

Zein egokiago Mitxelenaren beraren hitzak baino kritika nola ulertzen zuen jakiteko? Honela zioen 1957an:

egan30_0006

Eta hona Mitxelenak darabiltzan lau metafora zinema definitzeko, zinema-kritikak egiten hasi zen aurkezpen moduko lanean: begi-festa merkea, pozoia, arimaren ogia, amets-fabrika.

Ez da, bada, harritzeko gure artean ere zinemak, begi-festa merkeen horrek, gero eta zale gehiago izatea.

Neroni ere, aitortzen dut, horietako nauzu. Penagarria da noski goi-mailako literaturak daraman gainbehera; egia da egiten diren film asko behin ere sortu ez balira ez genukeela galera handirik, baina pozoi horretara jarriak gaude eta pozoi horretatik harralditxo bat noizean behinka hartu gabe ezin gaitezke bizi. Eta gure arimaren eguneroko, edo asteroko, ogia hori dugunez gero, hemen ere aterpe txiki bat, narrasa bada ere, utzi nahi genioke.

Hemengo kritikoa eskas xamarra duzu. Eta “amets-fabrika” horietara joatea bere diruz irabazi behar du.

— “Zinema”, 1954

Mitxelenak 66 kritika idatzi zituen 8 urtetan, 1954tik 1961era arte. Arrazoi askorengatik oso garrantzitsua den Egan kultura aldizkarian argitaratu zituen, Euskal Herriko Adiskideen Elkarteak literatura gehigarri bezala argitaratzen zuen aldizkarian. 1948an hasi zen argitaratzen Egan, erdaraz eta euskaraz, baina 1954an Koldo Mitxelenak, Antonio Arruek eta Aingeru Irigaraik hartu zuten zuzendaritza eta erabaki zuten ordutik aurrera euskara hutsez argitaratzen hasi zen. Ale horretan bertan kaleratu zuen Koldo Mitxelenak lehen zinema-kritika.

Norentzat idazten zuten, norentzat idazten zituen Mitxelenak Eganen argitaratzen zituen lanak? XX. mende erdiko euskal irakurle “moderno”, ateak- zabaldu-zalearentzat; munduaz euskaraz jakin nahi zuenarentzat… “Kaleko euskaldun erdi ikasiarentzat”.

Honelaxe idatzi zuten Mitxelenak, Arruek eta Irigaraik (“Asmo berri” izengoitiaren atzean) Egan euskaldunaren aurkezpenean:

Eta biziekin ari garenez gero eta darabilgun hizkuntza ere hizkuntza bizia denez gero, gaiak ere biziak, gaurkoak, nahi genituzke. Sarriegi gertatzen baita azken-aldi honetan euskarak, holakoak erabiliaz bere trebetasuna erakutsi beharrean, bere eritasun eta makurrak dituela beti ahotan, guziok ezagutzen ditugun zenbait pertsona mintsuk bezala. Eta beldur gara ez ote den hori biderik egokiena izango maiteen dutenak ere asper erazteko.

Kalera begira ari nahi dugu, baserrira begira baino gehiago. Eta, kalean, gure gisako ikasi edo erdi ikasientzat. (1954).

Mitxelenak ez zituen Eganen zinema-kritikak bakarrik argitaratu, literatur lanen gaineko kritikak eta bestelako artikuluak ere idatzi zituen. Aipatzen nekatzen ez naizen 1951ko “Euskal literaturaren etorkizuna”, euskaraz argitaratu zuen lehen lana ere hortxe eman zuen argitara. Lan guztiak, zein bere arloan ( labur esanda), munduaz euskaraz aritzeko bideratuak.

Gaurko gaia, baina, zinema da. Zergatik idatzi zuen Koldo Mitxelenak zinemaz eta zergatik aukeratu zituen 66 film horiek eta ez beste batzuk?

Lehen galderaren erantzuna arestian esandakoan emana dago; alegia, kaleko euskaldun erdi ikasi hark zinemaren berri ere izan behar zuen; kultura aldizkari batek horren berri ere eman behar zion. Koldo Mitxelena bera zinemazale amorratua izatea ere ez da baztertzeko arrazoia.

Zergatik 66 haiek? Honetaz idatzi zuen 1981ean (“Denbora bateko zinema paperak” izeneko testuan, azken kritika (Zazpigarren zigilua) argitaratu eta 20 urtera) eta ez du aukeraren arrazoi garbirik ematen. Nolanahi dela ere, urte haietan bizi zuten agortea, idortea eta lehortea aipatzen ditu; ez zuen nahi adina film ikusi. Azalpenik gabeko “aukeraren maukera” esan eta orduan filmez adierazi zituenak berriz ere esango zituzkeela aitortzen du.

Arrazoi bat edo beste dela eta, nola jokatu zuen ikusi zituen filmak kritikatzean? Filmen zein alderdi zeuzkan batez ere gogoan? Mitxelenak berak aitortzen du ez dela ofiziokoa eta alderdi teknikoei ez ziela bereziki begiratzen; batez ere gaia, kontabideari begiratzen ziola.

Erants dezagun filmen “korapiloari”, filmen bitartez zuzendariak zabaldu nahi zuen mezu (edo mandatuari), sorrarazi nahi zituen galderei begiratzen ziela Mitxelenak,  baita zuzendariaren eta aktoreen lanei ere. Aipatzekoa da, bestalde, zein erreferentzia sare sortzen dituen kritikak direla medio (Zazpigarren zigiluan (Góngora, Joyce, Pascal, Orixe…, Le ballon rouge-n San Agustin, Cabiriaren gauak Fellinirenean Gorki, gaur ikusiko dugun Rashomon-en berariaz aipatuta Ortega y Gasset, eta ezkutuan, “osto-pilo eta izar izunak habe” hitzak norenak diren esan gabe, Lizardi, betiko Lizardi.

Arrazoi prosaikoagoetara etorrita, esan dezagun  Mitxelenak sarrera ordaindu behar izaten zuela eta kexu da horrexegatik.

Hemengo kritikoa eskas xamarra duzu. Eta “amets-fabrika” horietara joatea bere diruz irabazi behar du, ez baita noranahiko sarrera duten kritiko garai horietakoa (1954).

Egin dezagun kontu 1948an kartzelatik atera zela (1949an Matilde Martinez de Ilarduyarekin ezkondu zela) eta ikasten, eta eskolak han eta ematen bizi behar izan zuela  urte batzuetan Salamancan lanpostua lortu arte (1955etik aurrera, joan-etorrian hasi zen eta 1958tik aurrera modu finkoagoan).

Nola moldatuko ziren Koldo eta Matilde, batez ere Matilde, familia aurrera ateratzeko? Eskerrak Matilderi!

Aurkezpen luzeegi hau bukatzen joateko beste zerbait ere aipatu nahi nuke.

1954tik 1961era arteko 8 urte horietan, bi urteak barne hartuta, 313 lan (artikuluak, iruzkinak, kritikak) argitaratu zituen Mitxelenak (eta Michelenak). Oarson ere artikulu bana argitaratu zuen 1958, 1959, 1960 eta 1961. urteetan.

Lanen itsaso zabal horretan bi aipatu nahi ditut bereziki: 1959an defenditu zuen doktore tesia  (1961ean argitaratu zuen Fonética Histórica vasca), eta 1960an plazaratu zuen Hª de la literatura vasca, 2015ean, oraindik ere euskal literaturaren gainean ezer esan baino lehen irakurri beharreko ezinbesteko erreferentzia.

Nola moldatzen zen gizon hura horrenbeste lan (argitara lanak eta bestelakoak, alegia, Euskaltzaindian eta gizarteko beste hainbat arlotan) eta hain lan onak egiteko? Ezin asma dezaket, baina langilea izateaz gain, “berez behar Villabonako”.

Eta orain bai, bukatzeko, azken gogoeta hau ekarri nahi dut: XXI. mendetik begiratuta, nola ikusten dugu Mitxelenaren langintza hau, zinema-kritikagintza?

Koldo Mitxelenak pentsamenduz ez ezik, hitzez eta eginez ere erakusi du munduaren gainean euskaraz ari zitekeela, ari daitekeela, kaleko euskaldun erdi ikasiak bazuela eta baduela euskaraz ere zer irakurri. Gaurkoak dirudite, baina 1957koak dira hitzok:

Gaiak, gaurkoak eta betikoak, hemengoak eta nonahikoak. Mundua itxuraldatzen ari zaigu, onerako eta txarrerako, Euskal Herria ere bai. Urte gutxitan ikusi ditugu, baita ikusiko ere, lehen mende luzeek ikusi ez zituzten bezalako aldaketak. Mundu urduri eta aldakor horretan aurkitu behar dugu bizilekua, biziko bagara.

Koldo Mitxelenak ahalegin horretan hizkuntza aberastu du (besteak beste, zinemagintzari buruzko terminoak sortu behar izan zituen: zalantza (“suspense” adierazteko), film, zinema…); filmen bitartez gogoetagai “modernoak” euskaraz plazaratu dizkigu eta, hori ez ezik bere prosaren bitartez ikasteko eta gozatzeko aukera ere eman digu.

Ez dakit zinema kritikariek zer pentsatuko duten, baina nire ikuspegiaren arabera,  Koldo Mitxelenak kritikaren generoa oso goi mailan utzi du.

Goazen orain denboran eta lekuan urrutira, XII. mendeko Japoniako Kioto ondoko Rashomon baselizara, oraingo (betiko?) giza aberearen barrenetan murgiltzera.


Hauxe Koldo Mitxelenaren kritika.

RASHOMON. Japoniarrek ere badute zinema eta, harritzekoa, Ortega y Gasseten perspektibismoaren argibide polit batekin aurkeztu zaizkigu.

Har itzazue hiru lagun –senarra, emaztea eta lapurra– eta bil itzazue elkarrekin basa bazter batean. Senarra hil da, hori argi eta garbi dago; emazteari ere zer edo zer egin diote, eta bego honetan. Baina, hau jakin nahi genuke poliziak bezala, nola gertatu dira gauzak?

Entzun ditzagun. Lapurrak du aldi lehenbizi, emazteak gero. Zenaren arimak ere badu zer esana. Azkenean inguru haietan gertatu zen egurkari batek ikusi uste zuena jakingo dugu. Baina honek berak ere, egi-egia esan ote digu?

Basoan gertatuaren berri nahiz ez ongi jakin, zenbait gauza ikasi ditugu horratik, eta ez nolanahikoak. Asiako bazterrik bazterrenean eta Europako txoko honetan gizonak ere batetsukoak direla: gizon, alegia. Han ere, hemen bezalaxe beste grinez kanpora, nork bere burua goraino jaso eta  besterena lurreraino jaitsi beharra duela eragile. Eta, hau da beltzena eta gogorrena, gertakari berbera bi aldetara entzuten baldin badugu –gaurko neska-mutilek irakurtzen dituzten nobeletan edo antzinako poema epikoetan bezala edertua eta goratua edo oraingo eta lehengo zenbait idazlek ohi duten bezain beztua eta itxuratxartua–, alderik politena ez dela beti, ezta naizenik ere, egiazkoena izaten. Japonian eta hemen gizona –eta emakumea– izukaitz baino beldurtiago, prestu baino berekoiago, bihotz-zabal baino zitalago dela, alegia.

Beste irakaspen atseginago bat ere badakarkigute. Film on bat egiteko ez da gauza handiren beharrik: bospasei lagun, basa bazterra, etxe edo eliza erdi hondatu bat. Kolore bizirik ere ez, eguzkiaren basoko harrigarrizko ibilerak –“osto-pilo eta izar izunak habe”– eta euriaren etengabeko emana begietaratzeko. Beste zerbait ere behar da apika, baina “zer” hori ez da dendetan salgai daudenetakoa.

A! Ahaztu baino lehen. Haien hizkuntza eta gurea berdintsuak omen dira. Bai, bai…

— Koldo Mitxelena. Egan 1-2 (1955) 48-49, [MEIG I, 130].

Say something

Your email address will not be published. Required fields are marked with a grey bar.

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>