NO USAR (Noticias)

“Etengabeko ibilbidea”

Rikardo Idiakez gelan azalpenak ematen

Rikardo Idiakez gelan azalpenak ematen

Atzo, martxoak 14, Rikardo Idiakez komunikatzailea izan zen Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean. Itziartarrak Komunikazioko Graduko ikasle eta irakasleei eskaini zien hitzaldia eta bere ibilbide profesionalaz gain, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako komunikazio kanpainari buruz hitz egin zuen ordubete inguruz.

Idiakezen ibilbidea oso luzea ez bada ere, zeregin asko izan ditu eta oraindik ere komunikazioaren mundua ezagutzen jarraitzeko gogoa du. Ikasitako guztia bi sailetan banatu zuen: alde batetik, lizentziaturako ezaupidea (Giza zientziak eta Komunikazioa) eta bestetik, lanean ikasitakoa.

Hizlariarentzat, unibertsitatean jasotakotik hizkuntzak, jakintza orokorra, tresna ezberdinen erabilera, talde lanaren garrantzi eta funtzionamendua eta Erasmuseko bizipenak izan dira ikasgairik onenak: “Karrera garai ona da zure burua ezagutzeko: norbere bertute eta mugak ezagutzeko” zioen Unibertsitateko ikasle ohiak.

Lan esperientziak ere hezi du komunikatzailea: industria, turismo, instituzio eta euskal kulturgintzarekin harremanetan egon da azken urteetan, eta arlo bakoitzak diziplina berriak irakatsi dizkio.

Bere azken lanbideak euskal kulturgintzarekin lotura zuzena izan du: Gipuzkoako Bertso Txapelketako Koordinatzailea izan da Idiakez, eta berak egituratu du komunikazio kanpaina. Ikusi eta entzun ditugun bertso saioen atzetik sekulako lana egin du Bertsozale Elkarteak eta itziartarrak pausoz pauso azaldu zuen jarraitutako lan prozesua: helburuak zehaztea, xede taldeak identifikatzea, estrategia osatzea…

Hizlariaren aburuz, “emaitzak positiboak” izan dira eta “helburuak bete” ditu Bertsozale Elkarteak. Hala ere, ez da ahaztu behar jende askok bere gogo, denbora, trebezia eta ilusio guztia jarri duela amets hau egi bihur dadin.

Hitzaldiarekin amaitzeko, Rikardo Idiakezek galdera bat egin zien entzuleei. Artikulu honen bitartez, bertan egon ez zinetenei ere bertsolaritza munduan parte hartzeko aukera emango dizuegu: “Nola eraman ezagutzera bertsolaritza erdal munduan?”

Ez da galdera erraza, baina mila pertsonek ehunek baino gehiago pentsa dezaketenez, honen inguruan hausnartzera gonbidatzen zaituztegu: Bertsolaritza Elkarteko kideek gustura jasoko dituzte zuen proposamenak gpuntua@bertsozale.com helbidean.


Eneritz Albizu

Say something

Your email address will not be published. Required fields are marked with a grey bar.

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>