NO USAR (Noticias)

“Kulturartean bizi” mahai-ingurua eta tailerra

Joan zen ostegunean, irailaren 27an, ekintza berezia izan genuen Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean, Donostiako campusean. Komunikazio graduko eta Gizarte Laneko graduko lehenengo mailako ikasleekin Gizarte eta Kultur aniztasunari lotutako gaitasuna lantzeko aukera izan genuen Gizarte eta Kultur Antropologia irakasgaiaren baitan.

Gonbidatu bereziak izan genituen Loiola Centrumen. Bilbotik, Ellacuría zentrutik, Beatriz Marquina eta Najim etorri ziren eta Donostiako Loiola etxetik berriz, Marta Silvano eta Katia. Bai Ellacuría zentrua (www.centroellacuria.org), bai Loiola etxea (www.loiolaetxea.org), jesulagunen gizarte zentruak dira. Ekitaldiaren hasieran, bi zentruok aurkeztu zizkiguten. Ondoren, Najimek, 22 urteko gazte marrokiarrak eta Katiak, 35 urteko neska brasildarrak hartu zuten hitza.

Euskal Herrira etorri izanaren esperientzia azaldu ziguten, zein zailtasun aurkitu dituzten, nola gainditu dituzten hauek… Zenbait unetan, hunkigarria ere izan zen eman ziguten testigantza. Kulturen artean ditugun zailtasunak baino gehiago, agintari eta legediak jartzen dituzten zailtasunak azpimarratu zituzten bereziki, egunerokotasunean hiritarrok jar diezazkiekegun zailtasunez gainera.

Lanera datozen pertsonak izaki, zaildu egiten diegu bertan geratu eta lanean hasteko modua. Etorri aurretik izan zitzaketen ametsak bertan behera geratzen dira behin baino gehiagotan. Hala ere, okerrena, denborak aurrera egin ahala, ez jatorriko lurreko ez hartzaile den lurreko ez direla sentitzen da, horrela adierazi zigun behintzat Katiak. Hala ere, zailtasunak zailtasun, ez dute irribarrea galtzen eta egunero bertan jarraitzeko apustua egiten dute.

Etorkinen aurrean izan ditzakegun estereotipoak ere kontuan izan genituen jardunaldi honetan (gehiegi dira, laguntza sozial gehiegi jasotzen dituzte, genero biolentzia ugaritu egin da beraien presentziari esker…), eta errealitateari lotutako datuekin kontrastatzen saiatu ginen maiz komunikabideetan agertzen den errealitatea.

Etorkizunean komunikazioan jardungo duten eta Gizarte Lanean ariko diren gazte hauek beste gazte batzuen errealitatetara hurbiltzen saiatu ginen horrela. Inmigrazioa, kulturen arteko arazoa baino gehiago, historikoki beti hor egon den errealitatea dela gogoratu genuen, eta egunen batean gu geu ere horretarako beharrean izan gaitezkeela ikusarazten saiatu ginen. Inmigrazioaren oinarrian arazo eta behar ekonomikoak daudela gehienetan gogorarazi ziguten eta lanerako gogoz aurrera egitera datozen pertsona hauek guk bezala sentitzen dutela, guk ditugun behar antzekoak dituztela.

Etorkizuneko gizarte-langileentzat, esperientzi ederra, ezberdintasunen gainetik, pertsona gisa elkarbanatzen duguna ikusi ahal izateko. Baita komunikazioko profesionalentzat ere, komunikabideen eguneroko jardunean beste ikuspuntu eta ahotsei leku egin behar dietela ikusi ahal izan baitzuten.

Luzia Alberro


Say something

Your email address will not be published. Required fields are marked with a grey bar.

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>