NO USAR (Noticias)

Mahai-ingurua kazetaritza, internet eta etorkizunari buruz

Kazetaritzaren orainaz eta etorkizunaz hitz egitean, ezinbestean beti presente dago Internet. Eztabaida eta ikuspegi askotarako ematen du gaiak. Hausnarketa horretan murgildu nahian, Kazetaritza, Internet eta etorkizuna izeneko mahai-ingurua antolatu dugu martxoaren 23rako Gizarte eta Giza Zientzien Komunikazio Sailean. Mahaiaren bueltan Interneteko euskarazko kazetaritzan erreferente diren hiru pertsona bilduko ditugu: Luistxo Fernandez, Jon Ordoñez eta Hasier Etxeberria. Gidari lanetan, berriz, Xan Harriague kazetaria izango dute.

Interneteko komunikazioari lotuta, ibilbide ezberdina eduki dute hiru kazetariek; eta egun ere, hiru agerkari digital ezberdinetan dihardute. Luistxo Fernandez sustatu.com gunearen sortzailea da; sarean sarerako eta euskaraz lehenengo jaio zen komunikazio plataformako arduraduna, hain zuzen ere. Hasier Etxeberria idazle eta kazetariak berriz, zuzeu.com gunearen sorreran eta garapenean parte hartu du eta arduradunetako bat da. Zuzeu sarean jaiotako gunea da, baina paperera ere salto egin zuen joan den azaroan. Jon Ordoñez, urte askoan papereko Berria egunkarian lan egin ondoren, komunikazio talde beraren berriketan.info proiektuan murgilduta dabil azken hilabeteotan, komunikazio gunea sortu zutenetik. Interneteko kazetaritzaren hiru eredu ezberdin izango ditugu, beraz, mahai-inguruan bilduta gidari ezin aproposagoarekin. Xan Harriague ere komunikazioaren munduan dabilen pertsona da; hainbat urtez paperean aritu ostean, azkenaldian Interneteko komunikazio estrategikoan ari da lanean.

Guztien artean, aktualitateari lotutako egungo komunikazioaren eztabaidetan nagusi izaten diren gai, kezka, aukera, arazo, eta abarrak landuko dituzte. Mahai-ingurua arratsaldeko 4:30etan hasiko da Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campus-eko Mattero Ricci eraikinean. Lehen ordu erdian, hiru hizlariek euren komunikazio plataformaren berri emango dute. Ondoren, gidariak plazaratutako gaiak eztabaidagai izango dituzte, eta jardunaldiaren azken zatian, entzuleek galderak eta iritziak plazaratzeko aukera izango dute.

Mahai-ingurua irekia da unibertsitateko ikasleentzat, nahiz unibertsitatetik kanpo interesa duten guztientzat. Gerturatu ezin dutenek, berriz, streaming bidez jarraitzeko eta Twitter bitartez parte hartzeko aukera izango dute #komunikazioaud hashtag-a erabilita.

4 comments on “Mahai-ingurua kazetaritza, internet eta etorkizunari buruz
  1. A ze sustoa eman didazun Eli! Emailean iruzkina irakurrita pentsatu dut ordua ez genuela jarri (eta ni tartean izanda harritzekoa ez). Zer kontatu interesgarri asko dutela seguru. Ea hala den!

  2. Pingback: zuzeu.com — Mahai ingurua interneteko kazetaritzaz Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean

Say something

Your email address will not be published. Required fields are marked with a grey bar.

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>